Vueling, Volotea eta Swiss Air Airelineek Bilbotik aterako diren ibilbide berriak iragarri dituzte Gabonetarako
Vueling, Volotea eta Swiss Air airelineek Bilboko aireportutik aterako diren estatu mailako zein nazioarteko ibilbide berriak programatu dituzte Gabonetarako. Kanpaina honen bidez, Londres-Gatwick aireportuarekiko konexioa berreskuratu nahi da eta Amsterdamekin eta Granadarekin izandako loturak berrezarri nahi dira, Zürichera hegaldi zuzenak eskaintzeaz gain. “Interesgarria da Londres edo Zürichen gisako hiri garrantzitsuekin geneuzkan loturak berreskuratzea”, adierazi dute Bilboko Aireportuko Ibilbideen Garapen Batzordetik.
Horrela, abenduaren 17tik urtarrilaren 10era bitartean, IAG taldeko konpainiak zuzeneko 15 hegaldi eskainiko ditu Londresera, Amsterdamera eta Granadara, Bilboko aireportutik. Horri esker, astean 162 hegaldi izatera iritsiko da aireportua. Gainera, Vuelingek aurretik zeuzkan ibilbideak mantenduko ditu Gabonetan: Bartzelona, Kanaria Handia, Tenerife, Fuerteventura, Lanzarote eta Sevilla.
Bestalde, Voloteak Bizkaiko hiriburuaren eta Granadaren arteko konexio berria iragarri du eta astean bi hegaldi eskainiko ditu. Era berean, konpainiak % 26 handituko du bere ohiko ibilbideen edukiera, 2019ko tarte berdinarekin alderatuta. Airelinea horren hegaldiek Alacant, Granada, Malaga, Palermo, Palma Mallorcakoa, Oporto, Sevilla, Valentzia eta Veneziarekin lotzen dute Bilbo. Guztira, 2020ko abenduaren 4tik 2021eko urtarrilaren 11ra bitartean Bilboko aireportutik aterako diren hegaldietarako 22.000 txartel jarriko ditu salgai airelinea horrek.
Konexioa Zürichekin
Bizkaiko hiriburuaren eta Suitzako hiri honen arteko konexioa ere indartuko da, Swiss Air konpainiak abenduaren 18tik urtarrilaren 6ra bitartean programatu dituen sei hegaldiekin.