Bilbao Bizkaia, 2021eko profil turistiko berrientzako helmuga

Urtebetetik hona mundua astintzen duen pandemiak eragin sakona izan du nazio barneko eta nazioarteko sektore turistikoan, zeren hegazkin—lineen antolaketa eta bisitarien profila eta interesak aldatu baititu, eta egokitzapenak ekarri ditu alojamenduen, garraio-zerbitzuen eta bidaia-agentzien kudeaketan. Badira hiru joera turistiko, azken hilabeteetan bizi izandako salbuespenezko egoera sanitariotik eratorriak: Landa-turismoa edo Slow Tourism, Naturako Turismoa, eta Aisialdi eta Abenturako Turismoa. Bilbao Bizkaia da, bere ezaugarriengatik, eskari berri horiei bete-betean erantzuteko prestatuta dagoen lurralde bat.

Landa-turismoa – Slow Tourism

Helmuga ezagutzeko forma honen funtsa da berau presarik gabe eta bost zentzumenekin bizitzea, betiere modu jasangarrian eta ingurumena errespetatuz. Estilo turistiko honen alde egiten duten pertsonek nekazaritza-turismoko etxeak eta landa-ostatuak lehenesten dituzte alojamendu gisa. Bilbao Bizkaian, barnealdean eta kostaldean sakabanatuta dauden establezimendu horiek euren zerbitzuaren kalitateagatik eta ‘0 kilometroko’ eskaintza gastronomiko bikainagatik nabarmentzen dira. Horregatik, lurralde hau paregabea da benetako “Slow Tourism” esperientzia bat bizitzeko.  

Naturako Turismoa

Bilbao Bizkaiak oso orografia egokia du askotariko jarduerak ingurune naturaletan garatzeko, eta horrek helmuga hobezin bihurtzen du turismo mota hori eskatzen dutenentzat. Ongizatea bilatu, askatasun-sentsazioaz ibili eta aire zabaleko jarduera ugarietan (mendi-ibiliak, kirolak) parte hartu nahi duten pertsonek espero dutenari erantzuten dio, zeren ahalbidetzen baitu segurtasun-distantziei eutsiz gozatzea.  Aukera hau oso lotuta dago familia-segmentuari, zeren eskura dagoen eskaintza edozein adinari egokitzen baitzaio.

Aisialdi eta Abenturako Turismoa

Osasun fisiko eta mentalarekin zuzenean lotuta –pandemiarekin, alderdi horiek garrantzia hartu dute bidaiatzerakoan-, helmuga ezagutzeko forma honek sentsazio berriak bilatzen ditu, eta, halaber, paisaia berdingabeak mirestea eta erronka fisikoei heltzea. Bilbao Bizkaiak jardueren sorta zabala eskaintzen ditu adin, kondizio eta maila guztietarako: tirolinak, kayak, rafting, piraguak, espeleologia, puenting, goming… Izan ere, Bizkaiko lurraldeak hiru Parke Natural paregabe ditu bere baitan: Armañón, Urkiola eta Gorbeia: ingurune ederrak, ur-jauzi ikusgarriekin, 1.000 metrotik gorako altuera duten gailurrekin eta formazio geologiko bereziekin.

 

18/01/2021